Gorespen Jainkoari (#6135)

Goratua izan bedi Zure Izena, ene Jainko Jauna! Sorturiko guztiak gurtzen zaituena eta inor gurtzen ez Duzuna zara Zu, izaki guztien jauna izanik ezeren menpeko ez Zarena, den guztia ezagutzen duzularik inork ezagutzen ez Zaituena. Zeuk nahi izan zenuen gizakien ezaguna izatea; beraz, Zeure ahotiko hitz baten bidez izadia irazan zenuen eta munduari izatea eman zenion. Ez dago Zeu beste Jainkorik, Egilea, Sortzailea, Ahalguztiduna, Indartsuena. Zeure nahiaren ortzemugatik dizdiratu duen hitz honexen bidez, arren dagizut Jauna, bizitz-uretatik oparo edaten utzi diezadazun, edonoiz eta edozein egoeratan neure arpegia Zuganantz itzuli ahal dezadan, ur horren bidez Zeure aukeratuen bihotzak bizierazi eta maite zaituenen arimak bizkortu bait dituzu. Ahaltasunezko, aintzazko eta ontasunezko Jainkoa Zeu zara. Ez dago Zeu beste Jainkorik, Gorengo Nagusia, Aintzaguztiduna, Orojakituna.

-Bahá'u'lláh
-----------------------

Gorespen Jainkoari (#6136)

Goretsia izan bedi Zure Izena, ene Jainkoa eta gauza guztien Jainkoa, ene Aintza eta izaki guztien Aintza, ene nahia eta izaki guztien Nahia, ene Indarra eta izaki guztien Indarra, neure Erregea eta izaki guztien Erregea, neure Jabea eta gauza guztien Jabea, ene Jomuga eta izaki guztien Jomuga, neure Bultzatzailea eta gauza guztien Bultzatzailea.

Zure emaitza gurien itsasotik baztertzen ez nazazu utzi, ez eta Zure hurbiltasun ibarretik urruntzen ere, arren dagizut. Zugandik at ezer ez zait onuratsu, ene Jainkoa, eta Zu ez beste izakiren hurbiltasunak ez dit onik egiten. Zeure izatea ez den beste guztia utzi ahal izatea bideratzen dizun Zeure aberastasun oparoaren izenean arren dagizut, Zuganantz arpegia itzuli eta otsein izateko jaiki direnen artean hartu nazazula. Barkatu beraz, ene Jauna, Zeure otseinei. Zeu zara, benetan, barkatzen duzuna, Errukiorrena.

-Bahá'u'lláh
-----------------------

Gorespen Jainkoari (#6137)

Zeure betikotasunezko ur garden eta gozoetatik edaten emaidazu,ene Jauna,
eta Zure izatezko zuhaitzaren igalietatik jaten emaidazu,ene Itxaropena!
Zeure maitasunezko iturrietatik edaten utzi ezadazu,ene Aintza,
eta Zeure betiko arduraren itzalpean bizitzen utzi ezadazu,ene Argia!
Zeure hurbileko larretan, Zeure aurrean ibili nadila egizu,ene Maitea,
eta Zeure errukizko jarlekuaren eskuinaldean eseri nazazu,ene Nahia!
Zeure alaitasunaren haize lurrintsuen bolada bat niganako heldu dadila egizu, ene Jomuga
eta Zure izatezko zeru goietan sartzeko baimena emaidazu, ene Gurtua!
Zeure batasun usoaren urrungak entzuten utzi ezadazu,
Dizdiratia zaren Horrek,eta Zeure ahaltasun eta aginte gogoaren bidez bizkortu nazazu,
ene Hornitzailea!
Zeure maitasunaren izpirituan tinko eduki nazazu, ene Laguntzailea,
eta Zeure atseginezko bidetxiorrean nire urratsak indartu itzazu,ene Egilea!
Zeure hilezinezko baratzean,Zeure arpegiaren aurrean betirako bizitzen utzi ezadazu,
niganako errukior zaren Horrek!
Zeure ontasun maitakorrezko zerurantz jaso nazazu,ene Bizkortzaile Horrek,eta Zeure bidargiko Eguzkirantz eroan nazazu,Zeureganatzen nauzun Horrek! Zeure gogo ikusezinaren agerraldietara deitu erakutsiko duzun Zeure edertasunaren lurrin muinera itzultzen utzi ezadazu, neure Jainkoa Zaitudan Horrek!
Nahi duzuna egiteko Ahaltsua zara Zu,benetan Goralduena, Aintzaguztiduna, Gorengoa.

-Bahá'u'lláh
-----------------------

